NORK NAHI DU ITURRIETARA JOLASTU?

Aldarrika, eskolako patioan bueltak emanez eta «nork nahi du indio eta bakeroetara?» edo «nork nahi du trenetara?» oihukatuz, halaxe egiten genituen giza-taldeak nire haurtzaro urrutiko eta pre-informatikoan. Olgetarako ume nahiko lortzen zituen haurrak, harexek gida zezakeen bere jolas gogokoena. Nireetako bati, «iturris» esaten genion. Izen hori hartu zuen Bizkaian, eta bereziki Bilbo Handian, beste hainbat tokitan ere ezagun-ezaguna zen botila-tapen jokoak, freskagarri, garagardo eta halakoen tapoiekin egiten zen eta ITURRI-GORRI etxeko gaseosaren omenez hartu zuen gurean zeukan izena.

Errekalderen bihotzean zegoen Iturrigorri eta handik hartzen zuen Cervecera Vizcainak gaseosa egiteko behar zuen ura. Tapetan markaren izena ikusten genuen guk eta horregatik jarri genion jolasari «iturris». Urak eman zion bataioa, beraz. Eta izenak izana, izan ere, beste edozein taparekin jolasteari ere izen berbera ematen genion. Garagardo botilarena, beste freskagarriren batena, bermutarena… denak ziren izan gabe ere «iturriak».

ESTEBAN MONTORIO URIBARREN

diseinatzaile bilbotarrak abantaila zuen aintzinako jolasean, bere aitite tabernajabea zelako eta bere «iturri» gogokoenak, Cinzano etxekoak, errazago lor zitzakeelako. Politagoak ziren, txikiagoak eta –hori bai jokuan garrantzitsua–, arinagoak.

“Errekalderen bihotzean zegoen Iturrigorri eta handik hartzen zuen Cervecera Vizcainak gaseosa egiteko behar zuen ura. ”

Tapoia bera 1891an jaio zen AEBtako Baltimore hirian, William Painter izeneko baten burutik. Berak lortu zuen gasa zeukaten botilentzat erabateko irazgaiztasuna bermatzen zuen tapoia. Hain zen sinplea eta ondo pentsatua bere diseinua gaur egun ere, ehundik gora urte pasa direnean, horixe erabiltzen dugula botilak ixteko. Etxe askoren ikur bihurtu da, gainera, tapoi iragazgaitza. Zakarretara botatzeko pentsatua zegoen baina iraultza ekarri zuen XIX. mendean eta XX.ean zehar objektu artistiko bihurtu zen, une historiko zehatzen lekuko. Iturriek jatorrizko diseinua mantendu dute, ia aldaketarik gabe. Kortxozko pieza aldatu diete, hori bai, higienea hobeto bermatzen duten plastikozko materiale eraginkorragoen ordez.

Beste etxe batzuek, bien bitartean, tapoi gero eta erakargarriagoak egin dituzte, arreta deitzen dutenak eta iradokitzaileak. Izan ere, botilaren eta etxearen bereizgarri bihurtu dira tapoiak. Ikusi besterik ez dago, nola aldatu diren tapoiak azken hamarkada hauetan, grafismoa, tipografia, koloreztatzeko modua, dena aldatu da. Aspaldiko tapoiak aspaldi utzi zioten botilak ixteko gailu soilak izateari eta bildumagileen objektu kuttun dira gaur. Botila-tapen jolasek ere lagundu dute tapoia belaunaldi-ikur bihurtzen. Horren erakusgarri, on line edo Sareko jokuak, aintzinako jolasa imitatzen dutenak, benetako tapoirik gabe bada ere. Orduko «iturriek» egungo haurrak ere entretenitzen dituzte, ur birtualetan oraingoan.

nbr 124 aldizkarian argitaratuta

2011ko urria

¿Quieres recibir nuestros artículos antes de que sean publicados?
Suscríbete a nuestro impresionante boletín.

ARTIZARRA

Maitasunez
eskuz eginda

Pin It on Pinterest

Share This